XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begiak zuriak ziren, baina erdigunean beginini gorri distiratsu bat zuten.

Beginini gorriak Wonka jaunari tinko begiratzen ari zitzaizkion.

Bere ondoren astiro Charlie, aitona Joe eta ohean zeuden gaineratzekoenganantz mugitzen hasi zen, haien gainean jarri eta gaiztoki eta hozki begiratuz.

Begiak baino ez zituen.

Ez zuen beste gorputz atalik, ez sudurrik, ez ahorik, ez belarririk; baina arraultze itxura zuen gorputza astiro-astiro mugitzen ari zen, likido liskatsuz beterik balego bezala taupatuz eta handik eta hemendik handituz eta txikituz.

Une hartan, ondoko igogailua behera jaisten ari zela konturatu zen Charlie.

Ate gaineko zenbaki adierazleak pizten ari ziren...: 6..., 5..., 4..., 3..., 2.... 1..., BS (Beheko Solairua).

Jarraian pausalditxo bat.

Atea ireki zen eta han, bigarren igogailu barruan, begiak eta kolore marroi-berdeska zuen beste arraultze liskatsu eskerga bat zegoen.

Une hartan gainerantzeko hiru igogailu gaineko zenbakiak pizten ari ziren.

Beherantz zihoazen... beherantz... beherantz.

Eta bapetean, hain zuzen ere mementu berean, beheko solairura iritsi eta ateak era batera ireki ziren.

Bost ate irekita..., izaki bitxi bat ate bakoitzaren aurrean... guztira bost..., eta bost begi pare, beren beginini distiratsuz, Wonka jauna, Charlie, aitona Joe eta gainerantzeko guztiak behatzen ari ziren.